XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) enkabalgamendurik ere ez apenas, sintaxia erabat ortodoxoa da, sintagma gehienak labur-laburrak: sustantibo-adjektibo, sustantibo-adjektibo...

Zergatik ez da ulertzen? Zer? Hitzak?...

Je suis desolé.

Mallarmé-ren garaikideek hitzak behintzat ulertzen zizkioten.

Ondorioztatu beharko ote dugu, beraz, Harrieta honek errotikako errore estrategiko bat jauki (edo kometitu, barka) duela, berak hor nonbaiten dioen bezala, zahagi zaharretan ardo berria sartzeko bere ahalegin zoro horretan?

Eta beste errore estrategiko ez txikiagoa, bestearen korolarioa-edo, anphora hautsiaren zatiak lurretik jaso eta haiek berritsatsi nahi izatean?

Zergatik hisikatzen du hainbeste (barkatu: zergatik insistitzen du hainbeste) Lizardik oraindik bizirik beharko lukeela gure artean, goizegi lurperatu dugula hura mertxika-hezurrean, Rimbaud hartaz galdezka etorri zela, bai, baina berarekin solastatzera, ez bera ehorztera?

Ez al da konturatzen Harrieta hau, aukera horiek egitean, bere poesia erabat at kokatzen ari dela, poesia erreakzionarioa egiten ari dela, azken finean, eskritura eskripturario bat, epitafio ukroniko bat ia, zitroin-urez ikuziriko gorpua zazpi urthez etxeki dizut gizon hila khanberan / egunez lur hotzian eta gaiaz bi besuen artian?

Ez al da jabetzen Harrieta hau, Arkadia euskaldun izan-ezinen rememorazio amestuak oro antzuak direla zeharo?

Historiak ez duela mobiolarik?

Modernitate europarretik, eta non-nahitarretik, formak eta korronteak, ideiak eta sentikortasunak, aspaldi geureganatuak ditugula, eta Kavafis edo Pessoa edo Elliot, esate baterako, Oihenart baino inportanteago direla guretzat, hurbilago ditugula?

Ez al du ikusten Harrieta honek, poesia beharrean, filologia edo folklore eruditoa egiten diharduela?...

(Martin Bañez, ezin minduago, xuxurlaka ari da barnebide batean:

Berba horren berba gazia / berba horri nahi ez dakiola balia...

Parlamentox-ek, ahaleginetan, hura kontsolatu nahi: lasai, Martin, hik memoria kolektiboa berreskuratu nahi izan duk, eta hori denontzat duk mesede, ez egin kasurik.

Maixu Beltza bera ere solidarioki mintzo zaio orain, eraso bortitzaren tamainak ustekabean harrapatuta:

bai, lasai... eutsi goiari eta ez ahaztu ezen dardoak egin arren bere aldia, Olaso dela hire egoteko aulkia...)